Aurreko postean aipatu genuen bezala, Lokatzako jubenil mailako gazteak Gipuzkoako itzulia lehiatu dute asteburuan eta sailkapen nagusiko garailea Mikel Aristi izan da. Nagustasun osoa erakutsi du, lehen bi etapetan bigarren postua eta azkenengo bieta garaile izan delarik. Bigarren postuan eta Aristiren nagusitasunari aurre egin ezin izan diona Grant Ferguson eskoziarra izan da eta hirugarren, Asier Unanue beasaindarra.
Aian jokatutako aintzin etapan, ibildideak zuen 2,5 kilometroetan Mikelek segundu bat utzi zuen Peio Olaberria garailearekiko. Ondoren, lehen etapan, Olaberrian jokatu zena, ihesaldi bat egon zen eta Aristiri 7 segundu falta izan zitzaizkion ihesaldiko guztiak arrapatzeko eta Asier Gandariasen atzetik sailkatu zen etapan, baina mallot horia bereganatu zuen. Bigarrenean, Andoainen, mahai gainean kolpea jo zuen Mikelek, helmugako azken aldapan faborito guztiei bi segunduko tartea atera zien, etapako garaipena poltsikoratuz eta itzulia irabazi nahi zionari abisua emanez.
Azkenik, hirugarren eta azken etapan, Zarautzen hamabi segundu eskaseko aldearekin ekin zion eta helmugatik 6 kilometrora zegoen Garate mendatean, Ferguson eta bergararra izan ziren aurrera joan ziren bakarrak eta Mikelek bikain erantzuen zion eskoziarrak egindako eraso guztiei, helmugan etapako eta itzuliko garaipena bereganatuz, nagusitasun bikaina eta ikaragarria erakutsiz.
Aipatu beharra dago, taldeak eginiko lana: Jon Aranzabal, Beñat eta Jokin Etxabe, Xabier Gallastegi, Andoni Lasa, Eneko Lizarralde, Hodei Orobengoa, Asier Taboada eta Andoni Ricok, indar guztiak utzi zituzten errepidean mallot horia defendatzeko, gainera modu ikaragarrian, Andoainen zein Zarautzen, lehen kilometrotik bukaerarte tropel burua hartu eta ihesaldiak nahi bezala kontrolatuz, ikusgarria jubenil maila dela kontutan harturik, horrelakorik ikustea ez baita erreza, ez bakarrik jubeniletan, baita amateur mailan ere.
Zorionak danoi! Penabad-ekin eta Unamunokin ixa lortu zan mallota Bergara ekartzia…azkenian lortu dou!! 😉