Aristirekin elkarrizketa

Joan den zapatuan, uztailak 16an, Europako txapelketak ospatu ziren italiako Offida herrian eta bertan, Lokatza taldeko Mikel Aristi izan zen parte hartzen Espainiako selekzioak hautatuta. Azken itzuliraino aurreko taldean ibili ondoren, azken itzuli horretan, kontaktua galdu eta 68. postua eskuratu zuen. Ona hemen, berarekin izandako elkarrizketa eta jasotako inpresioak:

Esan, ze moduz Italia aldetik?

Oso ondo, esperientzia ikaragarria eta polita. Taldeki izan direnekin eta espedizioko beste pertsona guztiekin ere oso ondo. Jatekoa ere, batez ere pasta, oso ona, ikusten da nondik datorren jaki hori.

Lasterketa nola joan zen?

Gogorra, oso gogorra. Zirkuituak malda luze bat zuen eta hori bakarrik ez, helmuga eta helmugatik pasa ondoko ibilbidea ere goruntza zen. Gora beheratsua oso. Lasterketa aurreko hitzaldian, hautatzaileak tropeleko lehen postuak mantentzeko eskatu zigun, erorikoak saihesteko eta esfortzu gutxiago eskatzen duelako. Aldi berean, bakarrik inora ez juteko eskatu zigun, maila honetako lasterketetan esfortzuak ondo neurtu behar direlako. Jatekoa eta batez ere edana zaintzeko ere, beroa haundia izan zelako.

Eta zer moduz moldatu zínen?

Egia esan, azken itzulirarte nahiko ondo. Tropeleko lehen hogehi postuetan ibili nintzen lasterketa osoan azken itzulian ezik, bapatean indar gabe geratu nintzen. Alde batetik normala ikusten dut. Orain arte, 90 kilometrotatik gorako hiru – lau lasterketa besterik ez ditut lehiatu eta europako txapelketak 124 zituen. Anoi puntuetan ibiltzen nintzen lehen aldia ere izan zen eta ondo moldatu nintzen poltsa hartzen, ur potoak hartzen etb. beraz, alde horretatik ere pozik.

Beraz, esperientzia polita?

Ikaragarria. Oso ona. Benetako txirrindularitzaren maila zein den ikusteko aukera izan dut. Orain arte, Gipuzkoan edo Euskal Herrian haritu naiz, tarteta estatu mailan ere, baina ez dago konparatzerik. Italian, Europa oso txirrindulari onenak daude, errusiarrak, frantsesak, alemaniarrak, belgiarrak, italiarrak… eta denak, oso onak, denak aurrean egon nahi eta denak lekua lortu nahian.

Eta italiarrak hain argiak al dira?

Bai, bai. Joan aurretik, fama zuten eta han, hori horrela dela ikusi dut. Heldulekua sartzen. Nere taldekide izan den Fran Medinari sorbaldatik helduta lekua nola kentzen saiatu ziren ikusi nuen. Ukalondoak erabiltzen ere ikusi nituen. Heldulekua behin baino gehiagotan modu txarrez sartu zidaten. Hirugarrenean baina, ikasi nuen eta ez ziren gehiago saiatu. Alde horretatik, tentsioa eta aurrean egoteko dagoen benetako borroka nolakoa den ikasi dut. Orain Tourrean dauden erorikoen zergatia ulertzen dut, lasterketan zehar, eroriko mordo bat egon ziren, batez ere, lehen bi itzulietan eta gehienak, boxeetan erotzen ziren ur poto eta poltsengatik.

Hautatzaileak lasterketa ondoren zer esan zizun?

Zoriondu egin ninduen, ni eta taldekideak ere. Oso pozik zegoen, izan ere Miguel Ángel Benitok 9. postua lortu zuen eta Joaquin Torresek 16. Talde bezala itxura oso ona eman genuela adierazi zigun eta lasterketan zehar kokapen oso ona izan genuela.

Nola ikusten duzu beste herrialdeekiko zuek daukazuen maila?

Frantziarrak oso indartsu ikusi nituen. Bi domina lortu zituzten baina lasterketan zehar ere protagonista nagusiak izan ziren. Hala ere, maila hobea baino, esperientzia gehiago dutela esango nuke beste herrialdeetako txirrindulariek. Eurak beti daude nazioarteko lasterketetan parte hartzen, beraz, bidaietara eta ibilbide luzeetara ohituak daude.

Eta orain zer?

Asteburuan Gipuzkoako taldekako erlojuaren kontrako txapelketa daukagu eta iazko 3. postua hobetzea da asmoa. Ondoren, uztailak 27 eta 29 bitartean, Iruñerriko Itzulian egongo gara talde osoa eta ea iaz bezala, etaparen bat irabazterik daukagun.

Esta entrada fue publicada en Sin categoría. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.